XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Jakin aldizkariak 104. zenbakia kaleratu du, bide batez diseinu berria estreinatuz. Bertan Ipar Euskal Herrirako lurralde antolakuntzari buruzko dossierra agertzen da, azken atala Karlos Santamariari eskainiz. 42 urteko ibilbide luzea bete du Jakin-ek eta gaurregun zuzendari lanetan ari den Joan Mari Torrealdairekin jorratu nahi izan dugu.

JOAN MARI TORREALDAI

Militantzia lan haundia dago hemen

JAKIN aldizkaria erreferentzia da euskal kazetaritzan, baita euskalgintzan ere.

Azken 42 urteotan eginiko lanak hor dirau eta horren adibiderik garbiena azken alea da.

Gainera etorkizuneko erronka berriei ideia berriekin egiten diete aurre zuzendaritza taldekoek.

Joan Mari Torrealdai azken 25 urteetan aldizkariarekin inplikaturik egon da, gaur egun zuzendari papera betetzen duelarik.

JOAN MARI TORREALDAI: 1956an sortu zen Jakin, Arantzazuko estudianteen aldizkari moduan, frantzizkanoen itzalpean.

Urte berean Euskaltzaindiako lehen Batzar Nagusia egin zen Arantzazun bertan. Bokazioz kanpoko aldizkari bezala jaio zen Jakin, orduko unibertsitarioentzat diseinatu zuten, hau da, seminaristentzat.

DEIA: Garai hartako eta gaurregungo gaien arteko ezberdintasunik nabarmenena zein zen?

J. M. T.: Hasieran teologia, soziologia, kultura eta hizkuntzaren bizitza ziren gaiak, baina azken bi hauek laster hartu zien gaina besteen.

Euskara eta kultura elkarrekin ezkontzea zen garai hartako aldizkarien tentazioa eta Jakin-ek hori nahi zuen.

Garai hartako kezka zen euskara baserritarren hizkuntza baino ez zela eta beraiek zera nahi zuten, normalki erabali gure hizkuntza, zirkuito ikasietan ere normaltasunez erabili.

Gainera, Jakin izan zen lehen aldizkaria ez poesiarik ez literatur lanik emoten ez zuena; azterketak egin literaturaz bai, baina besterik ez.

Salbuespen bat egin dugu historian: Nemesio Etxanizen olerki erotiko bat kaleratu genuen, debekatuta zegoen olerki bat.

D.: Jakin-etik pasatu diren zuzendarien izenak aipatu mesedez.

J. M. T.: Manolo Urbieta, Fernando Mendizabal, Joseba Intxausti, Sabin Berasaluze, Joxe Azurmendi, Pello Zabaleta, ni neu, José Olabarria, José Ramón Beloki eta berriz neu.

D.: Zuk 1967an jaso zenuen testigua, ez?

J. M. T.: Bai eta bilerak Donostian egiten genituen, Karlos Santamaria erredaktore buru zela. Bertan Rikardo Arregi, Andoni Lekuona, Ibon Sarasola, Andoni Iturri etabar aritu ginen.

Gure asmoa beste aldizkari mota bat egitea zen, laikoagoa, helduagoa, jada ez da estudiante erlijiosoentzako egina bakarrik. Frantziako aldizkari baten itxura antzekoa hartu genuen baina asuntoak ez du luze irauten.

IRAKURLEGOA ETA IDAZLEAK TXUKUN TRATATZEARREN GUK SUFRITZEN DUGU ASKOTAN; MILITANTZIA LANA DA GUREA

Jakin izan zen lehen aldizkaria ez poesiarik ez literatur lanik atera ez zuena

D.: Zentsura?

J. M. T.: 1969an Fraga Iribarnek debekatu zuen, baina aurretiaz ere pare bat urtetan egona zen ilunpean, 1961etik 64ra.

Azken zentsura honek 1969tik 1977ra bitartean iraun zuen.

Saiatu ginen 1976an ateratzen ere baina titulo berdinarekin ezin genuen atera, inskripzioa kenduta baitzeukan, kantzelatu egin zuten por ser nacionalistas a ultranza y socialista

1977an Kulturako arduradun berria bilbotarra zen eta bere lagun egin nintzen.

Horrek bideratu zuen Jakin-en aro berria. Beste garai bati ekin genion, oraingo formula berberarekin, hau da, monografikoak egiten.

D: Euskal kultura ere helduagoa zen ordurako, ez?

J. M. T.: Bai, 80. hamarkadan salto haundia egon zen. Gaurregun artikuluak urte pare baterako aina ditugu adibidez, ezin atera.

Baina beste aldaketa edo apustu nabarmen bat ere egin genuen, 1989. urtean hain zuzen.

Ordurarte Aratzazuko editorialarena zen Jakin eta aurrerantzean Jakinkizunak bihurtzen da, enpresa propioa gehi editoriala; bere buruaren jabe egin zen. Dirua bazkideen artean jarri genuen eta aurrera bota, hala-nola.

D.: Gaiak kontutan izanik hiru motatako lanak egiten dituzuela iruditzen zait.

J. M. T.: Hala da. Monografikoak, zentratuak eta gai librekoak.

D.: Orain itxura ere aldatu diozue gainera.

J. M. T.: Bai, beno, inprentan ez digute ondo ulertu dirudienez, guk nahi bezalako kolorerik ez da atera eta, baina hurrengorako hobetuko delakoan gaude. Azken finean Jakin-en azalak orain arte falta izan duen indarra gehitu nahi izan diogu. Ikusiko da.

Finantziabideak

D.: Beste hainbat euskal publikazioen antzera, Jakin aldizkariaren arazorik larriena finantziabideak lortzea litzateke, ez?

J.M.T.: Hala da bai, bizi ahal izatea. Jakin-en apostua apartekoa eta berezia da eta maila hontan ez dago besterik Euskal Herrian.

Egitura bat, aldizkariarena hain zuzen, bakarrik daukana, eta ez beste elkarte edo fundazio handi baten produktua izatea